XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ohizko hiletara-erritoa, haitzuloan banaka ehorztea dela dirudi eta gorputza harriz inguraturik, tumulo txiki gisa.

Fuente Hoz-en I. mailaren tarteko espazioan ehortzitako kopuru handi samarra aurkitzen bada ere, oinarriko banakako ehorzketek eta halaber azalekoek ere, erritoa denboraldian zehar aldatu ez denaren adierazpen direla dirudite, non haitzuloa ehorzketetarako erabiltzen den, beraz, errazagoa izango litzateke tarteko faseari erritoz kanpoko interpretazioa bilatzea, agian, leku garbi bat lortu beharra ehorzten jarraitzeko.

Hala ere ez da alboratu behar, ehorzketa kolektiboa Antzinako Neolitoan praktikatzen hasia izan daitekeeneko susmoa, zeren eta San Martin eta El Sotillo-ko (Biasteri, Araba) hilobi megalitiko handien oinarriko atu litikoak, Zatoia eta Fuente Hoz-ekoen islada bait dirudi eta nolanahi ere, Eneolitokoen ezaugarrietatik asko aldendua.

Hain zuzen ere, Neolito garaian banakako erritoa nagusi izan zenaren usteak, Los Husos-eko III. B maila Eneolitoaren jatorriari berari atxekitzera eraman gintuen, nahiz eta suharri-materialek, Neolitokoa zela suposatzeko aukera eman.

Fuente Hoz-ek aurkezten duen froga, ez zaigu iruditzen behar bezain garbia, Neolitoan jadanik taldeko errituala erabiltzen zela onartzeko.

Iruditzen zaigunez, arazoa, indusketa partzial eta hondarrekoak direla bide, ebatzi gabe gelditzen da oraindik.

Kurutziabideko (Letona, Araba) monumentu zehaztugabea, bere induslariak tumulu / trikuharritzat hartua (Vegas,1981) eta saileko ehorzketak dituena ukiera estaltzailedun gezi-puntekin, K.a. 2.495. urtean datatua, ezin daiteke har neolitotzat, bere industaileak dioen bezala.

b) Kastroetako populazioa. Oso berriki, A. Baldeón-ek, Berniollo-n indutsi du aire libreko herriska bat eta ahoz esana digunez, bere atuarengatik oso urrundutzat ematen du bere auzoko den Fuente Hoz-eko kobarengandik eta beraz Neolitotik.

Argitapenaren faltan eta behar diren erreparoez, kastro deitura eman diogun populazioetakoa dela uste dugu.

Herriska hau Fuente Hoz-eko mediterraniarren lana balitz, ez genuke berorretan inongo frogarik, lurralde honetako haitzuloetako jatorrizko populazioa bitan banatua izan zatekeenik esateko.

Baina, benetan, populazio desberdina litzateke, eta ez fisikoki bakarrik, baita kulturalki ere.

Haitzuloetako populazioak, kasu honetan, beste eredu bat luke begien aurrean eta agian bere arreta erakarri zuena.

Azken Brontze-arotik aurrera, kastroetako beste populazio-talde batzu ere agertzen dira Euskal Herrian eta berorien atuak, Frantziaren hegoaldeko, Suitza eta Rhin-eko kulturekin ahaidetzen dituzte, baina ez dakigu Fuente Hoz-eko mediterraniarrak bezalako talde lekualdatuak diren ala bizimolde desberdinak onartutako bertako taldeak diren.

Guztiak ere kastroetako populazio izenaren pean biltzen ditugu eta agian aurrerago ezarri ahal izango da beren barnean ere talde desberdinen sailkapenik.